
Maddi Ibaibarriaga plazatik
Gero eta zabalagoa da Markina-Xemeinen bertsozaletasuna, edo guk esaten dugun legez, bertso-afana. Bertso-afan horretatik eta gazte batzuen sorkuntzatik, ilusiotik eta beharretik sortu zen, orain dela lau urte, urtarrileko bertso saioa.
Lehenengo urte bitan Markina-Xemeingo txapelketa izan zen gaztetxekoa. Baina orain urte bitik hona, urtarrileko bertso-saioek gehigarri bat eduki dute: Gazte asanbladako talde bat batu eta saioan jorratuko den gaia pentsatzen dute. Iazkoan bertso-boxeo izarrak egin zen eta ring baten inguruan boxeo lehia irudikatu zen. Aurten, Nafarroako konkistaren 500. urteurrena zela eta, Amaiurko gaztelua bihurtu da gaztetxea.
Itzelezkoa izan zen aurtengo saioa. Bertsoez gain, antzerkia, musika, ikus-entzunezkoak, mozorroak… denetik egon zen gaztetxean. Gaztetxea txiki geratu zen eta jendea gustora-gustora atera zen “gaztelutik”. Edarto batean atera zen dena.

Baina gau hura ederra izatea ez da kasualitatea. Hiru orduko saio haren atzean aste luzeetako beharra zegoen, gazte asko eta askoren ideien eta eskuen beharra. Saioaren aurreko eguneko argazkia etorri zait burura: hiru lagun lurrean paper marroiaren gainean gaztelua margotzen, beste bat lapikoak eskaratzera eroaten, hurrengoa proiektorea martxan jartzen eta atzeko aldean ordenagailu bi gidoia amaitzen eta bideoak egiten. Zoramen ordenatua zegoen gaztetxean ordu txikietan. Argazki horrek erakusten du saioaren emaitza.
Baina ez dira bakarrik beharra eta bertsoak. Elkarregaz hainbeste ordu pasatuta asko ikasten baita. Haserreak mila eta bat, baina barre algarak gehiago. Parte-hartu duten guztiak dira irabazle. Eta saria beste hamaika lagunekin lortutako konfiantza eta harremana da.
Azken egunetako gure hausnarketa konpartituko dut zuekin. Gero eta pasiboagoak garen mundu honetan, jendeak oraindik ere erantzuten die ekintza batzuei. Eta ekintza horiek jendearen parte-hartzea bultzatzen dutenak dira. Parte-hartzeak ematen du erantzuna. Eta urtarrileko txapelketaren parte jende asko sentitzen da. Azken finean, dekoratua margotu zuena zein ondo geratu den ikustera joango da, gaiak pentsatu zituena bere gaia hain ondo kantatu ez dutela konturatuko da, bertsoa eskaini diotenari malkoa jausiko zaio eta hurrengo egunean azken agurraren zatia errepikatuz garbituko dute gaztetxea.
Inplikazioak grina berezia sortzen du, dudarik barik.
Zapatuan Ondarrun kantatuko duten sei bertsolarietatik hiruk kantatu zuten urtarrilean gaztetxean, eta beste hirurek iazko boxeo-izarretan. Seirak izan dira urtarrileko bertso saioaren parte. Eta parte sentitu den jende guztiarekin, gehiago edo gutxiago, sortu dute harreman eta konfiantza hori. Urtarrileko bertso saioko parte izan den edozeinentzako ezaguna da eskualdeko txapelketako kartela, eta hori bultzada bat da txapelketarentzat. Bertsoak sentitzeko baldintza ezin hobeak direlako antolakuntzan parte-hartzea eta aurrean zein atzean daudenekin hartu-emana edukitzea.