Nahastean gabiz berba zopako letren antzean, baina danok gara beharrezkoak berbak sortzeko, bertsolaritzaren mundu berezi hau sortzeko. Danok egiten dogu txapelketa bera be. Talde lana, horixe da Eskualdeetako Txapelketetako filosofia. Etxekoko giroan, ganera.
ZABALDU. Bertsozaletasuna Bizkai osora zabaldutea da txapelketen helburuetako bat, baina zeharka Bizkaiko bertsogintzaren argazki bat egiteko eta Eskualde bakotxaren osasun egoera zein dan jakiteko tresna garrantzitsua bihurtzen dira Eskualdeetako Txapelketak. Eta balorazinaok balorazino halan izan da aurtongoan be. Badago oraindino ere nun eragin.
Azken batean BERTSO-ESKOLAk egindako lanak eragin zuzena dau txapelketan. Bertsolariak sortzeko ezeze, antolatzaile taldea sortuteko, gaijartzaile taldea osotuteko edota bertsozaleak mobiduarazoteko ere bai. Normalean, bertso-eskola indartsu dabilen lekuan beste dana gura barik etorten da. Eta zer esanik ez hezkuntza arautuan egiten dan lanak ere bertsozaletasunean dauan eragina.
HERRIAk edo eskualdeak dauazan ezaugarrien arabera beti ere. Eta horregatik ezin dira Eskualde bi begi berakaz begiratu. Ezin dira neurri beragaz neurtu. Eta zifra dantza horren gogoko dogun garai honeetan ezin dira detaileak, bizipenak zenbaki bihurtu. Saioetako entzule kopurua bataz beste 70 edo 80 lagunekoa izan dala esateak ez dau ezer esaten. Bai, ostera, bertsolarien artean egon dan giroak. Edota aurreko txapelketatik hona bertsolarien mailan edo bertsozaleen adinean izan diran aldaketak. Edota gaijartzaile taldeak egindako lan onak.
PLAZA be bada txapelketea eta helburu nagusia izan ez arren, bertsolarien promozinorako ere balio dau txapelketeak. Eta aurton be agertu dira aurpegi barriak. Eta batzutan nahikoa da ofiziotan gai bateri heltzeko era orijinala erabilteak edota bakarrekoan bertso polit bi botatea jendearen arreta erakarteko. Eta entzuleak ez dira entzule bakarrik, antolatzaile ere badira kasu askotan edo dohako publizitate egile ere bai.
Eta bai, Bizkaikora sailkatzeko ere badira Eskualdeetako Txapelketak. Daborduko badakigu zein bertsolarik izango daben horretarako aukerea (Hemen zerrenda). Baina hori udagoienean izango da. Eta ordura bitartean bertso-eskolatan, plazatan, tabernatan… alkartuko gara. Edota sarean. Bizkaiko bertsogintzak, bertsolaritzak, ez daualako atsedenik hartuten. Bertsogintza ez dalako txapelketa bakarrik. Eta txapelketak bertsozaletasuna zabalduteko antolatuten diralako. Horren barri emoten ahaleginduko gara sarean. Sorpesaren bat edo beste izango da, ganera, Kopla Barik telebistan.
